2004-09-14

Hau Taxi Galduen agurra da. Hemendik aurrera, La Fábrica de las Cosas Pequeñas-en jarraituko dut. Euskaraz ere.

2004-08-08

ALDE

Momentu hartan, ohean etzan eta begiak itxi nituen. Bere azal ezezaguna nirea leunki ikutzen zuela. Ez nuen bere izena ere ezagutzen. Bere begirada arrotza egiten zitzaidan, beste mundu batekoa izango balitz bezala. Eta baliteke beste mundu batekoa izatea. Baliteke, gaur arte nire bizitzan gurutzatutako pertsonekin zerikusirik ez izatea. Begiak ireki nituen. Eta gorrotatu egin nuen une hura. Gorrotatu nuen bera.
Hurrengo egunean, hark guztiak alde egin zuela banekielako .

2004-07-13

KONTATU

Beti alde egin nahi izan dut. Aldatu. Ez dakit. Baina zerbait topatu behar dut. Lan berri bat. Ilusio berri bat. Nazkaturik nago eta ziklo bat bukatu delakoan nago. Ez dakit zergatik. Aukera izango banu, hartuko nuke. Argitaletxeren batek deituko balit..., baina oraindik ez dute argitaratu. Ez dut istorioa idatzi. Ez naiz inor.

2004-07-05

TARTE

Orain konturatu naiz, bost urteren ostean, ezezaguna zarela niretzat. Ez dakit mendekua ala traizioa den, baina min egiteko duzun gaitasun horrek urruti narama. Maitasun itsutik gorrotora oso tarte txikia dago. Eta ez nuke erori nahi.
Horregatik egiten dut ihes, egunez bakarrik bada ere.

2004-07-02

ARGAZKIAK

Argazkiak atera nahi ditut. Besteak erretratatuz, naizenaz aldentzeko. Argazkiak atera nahi ditut. Ez baitakit abesten. Argazkiak atera nahi ditut. Bakarrik utzi nauzulako.

2004-07-01

ITXURA

Aukeran dauden template berriak eta aukera berriak kontutan harturik, Taxi Galduei itxura aldatzea erabaki dut. Deskribapenak dioen bezala, sudurraren puntan jarri zaidalako. Honekin motibazio pixkat gehiago edo edukiak zabaltzeko gogo gehiago izango ote dudan ez dakit. Baietz espero. Uda dator. Hemendik ibiliko naiz. Nori axola zaio?

2004-06-17

GABEZIAK

Indar eta gogo gabeziak nola sendatzen diren jakin nahi nuke. Arrazoi berezirik gabeko hoiek, batez ere. Interes falta nabaritzen dut egiten dudan edozein gauzatan, eta tamalez, gauza gehiegi egiten ditut. Inolako interesik gabe, noski. Hitzei harreman bat bilatu behar zaie esaldi bat osatzeko. Nire ahulezia guztiak kutxa batean ondo gordeta nituen.
Norbaiti bankuan lapurreta bat egitea bururatu zitzaion arte.