2003-04-23

KIRTEN

Okerrena zera da: harreman honekin amaitzen dudanean, zerbait esaten didan lehenengo kirtenarekin oheratuko naizela. Ni ere, kirten izateko. Mundu guztia kirtentzeko. Hum.

ELKARRIZKETA ERABAT LABURRA

- Horrek mina ematen du eta badakizu.
- Ez. Mina norberak ematen dio bere buruari. Bihar Baionara noa egun osorako. Agur.
- ...

2003-04-20

HIZTEGI GABEKO GAUA

Isilik dago gaua. Ez ditut hitz konplikatuak esan nahi. Azken finean, nire inguruan daudenak, pertsona konplikatuak besterik ez dira beraien bizitzak konplikatzen. Bakarrik ala bikotean. Lanean ala ohean etzanda. Konplikatzen, espiralari bueltak ematen. Ez, hitz konplikaturik ez, ez nuke hiztegiak bisitatu nahi gaur gauean. Galdu egiten bainaiz, hitz bat topatzen dudanean, egokia iruditzen zaidalako une horrentan, baina segidan, nire begiek hurrengo hitza aurkitzen dute, eta hori egokiagoa suertatzen da. Eta honela, etengabe, hiztegiaren azkeneko orrialdeetara iritsi arte. Eta berriro hasten naiz, etengabe, etimologiatan, esanahietan galtzen.
Horregatik, ohera noa, mutu, gor. Ez dut iluntasun eta isiltasun hau gehiago konplikatu nahi.