2003-10-23

UZTA

Zer dago keinu horren atzean? Pegamentua ala silikona? Ala burumakur bat al da? Zerk egin zintuen hain zorigaitzeko? Bera izan al zen ala zure ezina? Orain munduak traizionatu zaituela deritzozu. Pixkanaka, urtez urte, erein zenituen akats aleen uzta jasotzen duzun bitartean. Labean sartu eta gratinatu.
Edonola, jan beharko dituzu.

2003-10-22

NORABIDE BERRIAK

Blog honek norabide berriren bat hartu behar duelakoan nago. Burmuinean ditudan gaiak behin eta berriz errepikatzen zaizkit, etengabe. Eta ez da posible. Beraz, ez harritu hemendik aurrera beste pertsona batek idazten duela iruditzen bazaizu. Halakoa naiz eta.
Zein den norabide berria? Ezta ideiarik ere. Inprobisazioaren esku utziko dut. Halakoa naiz baita ere.

2003-10-21

MUNDUA, BUELTAKA

Ez dakit. Ezinezkoa izango litzateke bestela. Denbora eten, atzeraka bidali. Ez, ez dut uste nahiko nukeenik ere. Hobe honela. Hobe beti aurrerantz begiratzea. Geroz eta mugatuagoa ikusten dut neure burua gauzak espresatzeko. Lubakien atzetik hitzegingo banio bezala, frentearen beste muturrean dagoen norbaiti. Komunikazio posibleak ezinezko egiten zaizkit. Eta honela, egunez egun, unez une, mundua bueltaka bakarrik somatzen dut. Ezer berezirik adierazi gabe, bueltaka. Erabaki tinkoren bat hartu beharko dut. Euria eten behingoz.

2003-10-19

ASPALDI

Denbora asko igaro da azkeneko taxi galdua hartu nuenetik. Edo hori iruditzen zait behintzat. Erantzun faltak indiferentzian murgildu nau. Telefonoaren beste aldean norbait egotea behar dugu beti. Hitzen bat, doministiku bat besterik ez bada ere.
Beharbada, hiriko istorio hauetatik bidaiatzeko eguna heldu da berriz ere.
Kaixo, ni naiz. Eta hemen nago.