2003-11-01

BARRASKILO

Ni, kantatzen hasten zenean euria ekartzen zuen neskatxa izan nintzen. Hortzak zuzentzeko aparato xelebretik, betaurrekoetara pasa nintzen urte gutxitan. Adarra jotzen zidaten klasean. Ez nuen sekula nire inguruko jendea ulertu. Bare bat marrazten nuen, hura ni nintzelakoan. Motela. Bakartia. Eta urteak igaro direnean, barraskilo bihurtu naiz. Motela eta bakartia izaten jarraitzen dut. Baina orain koskol bat daramat gainean.

2003-10-26

BIZI

Bart, lagunekin nintzela, etxebizitzen salneurrien katastrofeak solasaldia monopolizatu zuen. Orain hainbeste ahotan dabilen konstituzioak esaten duenez, guztiok daukagu etxebizitza bat edukitzeko eskubidea. Izartxo (edo asterisko) bat jarriko nioke nik kapitulu horri eta behean, urrezko hizkitan idatziriko orrialde oin bezala, "hau idazterakoan, konstituzioaren sortzaileak, mozkorturik zeudela konturatu ziren eta etxera arrastaka heldu baino, hobe zutela bertan lo egin".