2004-05-26

SAKEL

Beharraren poderioz, sakeleko telefonoko kontu amaigabeen kolekzioa abiatu zuen. Gauez, maindire azpian idatzitako sexu eta izerdiz betetako 160 karakterek bere istorioa osatu zuten. Bizitza hura ez zen existitzen, ez telefono zenbaki hura. Baina gauero, emakume anonimo baten bularrean jartzen zuen burua. Gero, lo hartzen zuen. Goxo.

2004-05-25

EZINEZKOA

Eztabaida hasi zenean, alde egin zuen. Ezin zuen haien aurrean negar egiten hasi. Horregatik, inor konturatu gabe, atera hurbildu eta desagertu egin zen. Eszena gehiegitan errepikatzen zela pentsatu zuen. Ez zuela zergatik hura guztia jasan behar. Ezin zuen ulertu. Zaila baita maitasuna agortu dela ulertzea. Zaila, usteldu egin dela sinestea. Ezinezkoa, inoiz itzuliko ez dela onartzea.
Haur batentzat behintzat.